XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IV. kapitulua

Arabera / arauera

Iparraldeko eta Nafarroako literatur tradizioetako hitz hau hainbat eratan agertu da testuetan: araura, arauera, arauiala, arabera, etab.

Dena dela, XVIII. mendeaz gero erdarazko según / selon-en kide bezala arabera da literaturan erabili den forma ia bakarra.

Hala ere, euskara batuan, hainbat idazlek, hobe beharrez, arauera forma hautatu dute, arau-ren adlatiboa delakoan, hitzak lortua zuen idazkera-batasuna hautsiz.

Euskaltzaindiarentzat literatur tradizioa da, eta ez etimologiari buruzko usteak, hitz baten era gomendagarriena erabakitzeko erabili behar den irizpidea.

Nolanahi ere arabera-ren kasuan, badirudi ez dagoela oinarri etimologikorik arauera hobesteko.

Hitzaren lehen lekukotasunek, Etxepare eta Leizarragarenek, araura era agertzen dute.

Hau azpimarragarria da, zeren Leizarragak bederen au diptongoa kontsonante gisa hartzen baitu, gauean eta erabiliz.

Bestalde, K. Mitxelenaren ustez (FHV 119) hitzaren etimologi forma, zalantzarik gabe àrao-ra da.

Badirudi arau izena, lehen aldiz Leizarragagan agertzen dena, araura-tik erakarria dela, eta ez alderantziz, eta hortaz, aski idazle gutxik erabiltzen duten arauera aldaera ez dela araura zaharragoaren berrinterpretazio bat besterik, arau asmatuaren argitan egiten dena.

Bestalde, ezin daiteke esan arabera-ren delako -b- hori fonetikoki dialektala denik, hots, gabeanamplt;gauean-en kide denik, bigarrengoa inoiz egiten ez duten idazleengan gertatzen baita lehenengoa.

Areago dirudi oraindik ezagutzen ez dugun hots-lege edo fosiltze baten ondoriozko gertakari bat, (...).